Add Your Heading Text Here

ORTZADARRAREN BANDERA

Normalean laukizuzenak, badira beste formak dituztenak ere. Oihal zati koloretsu hauek nazio, hiri, herri, erakunde, dinastia, gizatalde, alderdi politiko eta eta bar luze baten ikurrak izaten dira. Sinbolo hauek mezu edo balore zehatz batzuk irudikatzen saiatzen dira talde baten nortasuna adierazteko edota bereizgarri izateko helburuarekin.

Ikurrinen jatorria ezezaguna da. Gizakiak mendeak daramatza sinbolo bereizgarriak erabiltzen. Antzinako Egipton larruz edo metalez egindako entseinak baliatzen zituzten. Legionario erromatarrek ere, artilez egindako guda zutoihalak eta metalez egindako arranoak erabiltzen zituzten beste hainbeste inperiok bezalaxe.

Baina gaur egun bandera izenaz ezagutzen ditugun oihal puska hauek ziurrenik Asian sortu ziren, bertan baita zetaren jatorria ere. Haizeak bandera mugi dezan, ehun arina beharrezkoa delako. Indiako azpikontinentean edo Txinako Zhou dinastian (K.a. 1046-256) agertu ziren lehen aldiz.

Europan aldiz, X. mendera arte ez ziren iritsi musulmanekin eta lehen gurutzadekin. Hauek jauntxo eta erregeen seinale bihurtu ziren. Bandera hauen bidez, lurralde jakin bat zein erregeren menpe zegoen jakinarazten zuen. Bertan nobleen ikur heraldikoak eta armarriak ziren nagusi. Gehien bat, guduetan erabili ohi ziren eta zaldunek eramaten zituzten bereizgarri gisa. Ondoren, Behe Erdi Aroan herrialdeak ezberdintzeko erabiltzen hasi ziren. Gerora, itsasontzietan eramaten hasi ziren.

Beraz, esan genezake, lehenengo ikurrina horiek gaur egun duten esanahi kolektiboa ez zutela.

Hala ere, XVIII eta XIX. mendeen artean, Ilustrazioaren hasierarekin eta Absolutismoa pixkanaka ahultzen zihoan heinean, nazio ideia garatzearekin batera, banderak hiritarren ikurtzat identifikatzen hasiko ziren eta ez horrenbeste agintariaren irudiarekin.

Banderen irudi eta koloreek jatorri oso ezberdinak dituzte. Batzuk zerotik sortutakoak dira eta beste askok sinbolo historiko edo militarrez osatuak daude. Diseinuari dagokionez, bandera mota ezberdinak topa ditzakegu. Esate baterako, koloreetako marrez osatuak direnak, gurutzedunak, zirkuludunak, irudidunak, hirukidunak, ikoroskidunak… Koloreek ere, haien sinbologia dute.

Gaur egungo zaharrenetariko bat Danimarkakoa da. Bertako monarkia munduko zaharrena da eta haien bandera gaur egun oraindik erabiltzen den bandera zaharrena da.

 

Badira dena den, mugimendu politiko, zein giza mugimenduek erabiltzen dituzten bandera aldarrikatzaileak. Hauen adibide da adibidez LGTBIQ+ mugimenduak erabiltzen duena.

Bandera ezagun honen jatorria 1969ko ekainaren 28ko ordu txikitan kokatzen da. Momentu horretan New Yorkeko Greenwich Village auzoko Stonewall Inn Pubean emandako sarekada polizialaren ondorioz piztutako bat-bateko matxinadan. 60. hamarkadan sarekada hauek ohikoak ziren taberna homosexualetan, baina egun horretan historia aldatuko zuen iraultza piztuko zen. Gertaera hau EEBBetako pertsona ez normatiboen kolektiboaren eskubideen aldeko borrokaren lehen urratsa bezala ezagutzen da.

 

Stonewalleko istiluen ondoren, kolektiboaren eskubideen aldeko taldeak sortu ziren EEBBetan eta mundu osoan zehar zabaltzen joan ziren. Gertaera omentzeko 1970eko ekainaren 28an lehenengo Harrotasun Eguna ospatu zen hainbat hiritan: New York, Los Angeles, San Frantzisko eta Chicagon.

San Franciscoko 1978. urteko Harrotasunaren Eguneko agerraldirako prestaketetan Harvey Milk aktibistak mugimenduaren sinbolo identifikatzailea sortzeko beharra ikusi zuen. Orain arte erabilitako ikur bakarra naziek 2. Mundu Gudan kontzentrazio-esparruetan homosexualak markatzeko hiruki alderantzikatua zen. Gauzak horrela, Milkek Gilbert Baker diseinatzaileari LGTBIQ+ mugimenduaren adierazgarri izan behar zuen banderaren eskaera egin zion. Bandera 1978ko ekaineko agerraldian mustu zen.

 

Bakerren jatorrizko banderak 8 kolore zituen eta bakoitzak mezu zehatz bat adierazten du: arrosak sexualitatea, gorriak bizitza, laranjak osasuna, horiak eguzkiaren argia, berdeak natura, turkesak artea edota magia, urdinak lasaitasuna eta moreak espiritua. Bandera sortzeko Ozeko Aztiaren “Over the rainbow” abestian oinarritu zela azaldu zuen diseinatzaileak.

Urte beraren azaroan Harvey Milken erahilketaren ondorioz, banderaren erabilera areagotzen hasi zen. Erabileraren bat-bateko igoera honek kolore arrosa desagerrarazi zuen oihalen enpresa eta hornitzaileek ez baitzituzten kolore honetako horrenbeste oihal.

1979.an marra turkesa kenduko zen ere eta gaur egun ezagutzen den 6 koloreetako bandera bezala geldituko zen.

Urteetan zehar hainbat aldaera sortu dira beste aldarrikapen batzuk batu nahian.

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak antolatutako ASKOTARIKO SAKANA izeneko jardunaldien kartela eta publizitate euskarriak sortzeko Gilbert Baker aktibista eta diseinatzaile estatubatuarraren ortzadarraren ikurrina oinarritzat hartu genuen. Kasu honetan, lau koloreetako ortzadarra izatea erabaki zen ekitaldiak gauzatuko ziren lau herriak ezberdintzeko eta zutabe bakoitzean egitaraua jartzeko.